Lanerako gaitzeko programa adimen urritasuna duten pertsonak gizartean eta lanean txertatzeko diseinatu da. Ekimenaren bidez, autonomiarekin zuzenean lotutako gaitasun handiagoak sustatu eta garatu nahi dira eta enplegagarritasuna hobetu, bizitza betea, independentea eta askiesgarria bermatuko duen lanpostu bat bilatzea eta horri eustea lagunduta.
Adimen urritasuna duten 21 eta 26 urte arteko ikasleek parte hartzen dute programan, langabezian zeudenak. Talde txikia hartu da aintzat, bana-banako eta berariazko arreta, kalitatekoa, eskaini ahal izateko, eta, hartara, autonomiaren eta enplegagarritasuna hobetzearen esparruan haien gaitasun guztiak indartzeko, kontuan hartuta gaitasun eta ahalmen indibidualak eta pertsona bakoitzaren interesak.
Bi bloketan gauzatzen da. Bata “TEORIKO-PRAKTIKOA” da, irailetik ekainera ematen dena, Deustuko Unibertsitatean. Hartan, gaitasun funtzionalak lantzen dira, garapen pertsonalaren eta sozialaren alorrean, laneko trebetasun espezifikoak indartuta, lanbidearen esparruarekin lotutakoak, eta zeharkako trebetasunak (trebetasun sozialak, garapen pertsonala eta emozionala, autonomia pertsonala eta komunitatean txertatzea). Abendutik aurrera, prestakuntza hori enpresetan praktikak egitearekin txandakatzen da.
Bestea “ENPRESETAN PRAKTIKAK” egiteko blokea da. Abendutik aurrera, praktikak egiten dira zenbait enpresatan (aurretik lankidetza hitzarmena izenpetu duten enpresak dira), ikasi duten guztia laneko ingurune naturaletan gauzatu ahal izateko. Praktika horiek aste bakoitzeko bi goizetan egiten dira.
Praktikek irauten duten aldian, jarraipena egiten eta laguntza ematen zaie etengabe, bai prestakuntza mailan, bai lanpostuan bertan ere. Praktikak egiten dituzten ikasleek une oro laguntza pertsona bat dute, erreferentziazkoa, eta hark praktiken jarraipena egiten du egunero eta lanpostu bakoitzerako behar diren egokitzapenak gainbegiratzen ditu.